XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alsina izeneko itsasontzia hartu ahal izan zuten Marseillan estatu frantsesean babestuak zeuden zenbait buruzagi errepublikarrek Ameriketarako, eta hauen artean zen Telesforo Monzon ere. Itsasontziaren ibilia odisea txiki bat izan zen, Vichyren manupe zegoen Ipar Afrikan geldiarazia izan baitzen Casablanca-n eta Dakar-en, eta baita politikari espainiar batzuk atxilotuak ere.

Noizbait, hamaika hilabeteren ondoren, Mexiko jo ahal izan zuten.

Ameriketan eman zuen Monzonek bigarren mundu gerra, dekoratzaile-lanetan.

Han idatzi zuen gerraondoan argitaratu zen lehen euskal liburua, izen adierazgarri honekin, Urrundik.

Eta mamia ere halakoa izaki; herriminaren emaitza da, osorik, Telesforo Monzonen lehen liburua, Tropikotik poemak erakusten duen moduan:

Neri zer ajola,
neguan eguzki ta bero ta lora?
Nere mendi busti
lañuaz yantzita, nai nituzke ikusi!
Nik ez artzen poza
neguan, ez badet euri ta aize t'otza...
mendietan elur,
auzoraño otsoa yetxiko dan bildur,
ta bideetan loia,
baserritik kalera naguan banoia...
Zugaitzak, osto-utsik,
ez al du, bidean, aitonaren antzik?
Ene Negu maite...!
zure magalera nik igesi arte,
eguzki onen min
osatu zaidazu Lañu-oroitzakin...

Bigarren mundu gerra amaitutakoan Amerika utzi eta Parisa dator aurrena Monzon, hurrena Donibane-Lohizunera.

Hogeita hamar urte luze emanen ditu Mende Berri etxean.

Aristokrataren makila, baserritarraren txapela